HezkiErak: Inpaktu hezkidetzailea neurtzeko tresna
Sorginlore , Ikertze eta Imaginá Palabrarekin batera sortu dugu dokumentu hau. Duela urte batzuetatik hona, elkarlanean ari gara hainbat eremutan (ikastetxeetan, unibertsitateetan, gazteen aisialdian, hezitzaileen prestakuntzan, administrazio publikoetan…) inpaktua izan nahi duten hezkidetza-prozesuak definitzen eta abian jartzen.
Dokumentu honek lan horretan argi eta garbi aurkitu dugun beharretako bati erantzun nahi dio.
Gure herrietan eta auzoetan, gero eta nabariagoa da hezkidetza eta pedagogia feministak landu behar direla. Horregatik sortu dira, besteak beste, indarrean dagoen esparru juridikoa eta Hezkidetzaren II. plana, hezkidetzari eta berdintasunari ekitea derrigorrezko bihurtu dutenak. Hainbat eragilek ibilbide luzea egin dute eremu honetan, eta, horren ondorioz, material didaktiko, gida, webgune eta halakoen aukera zabala dugu eskura.
Material horiek zehatz-mehatz azaltzen digute nola ekin diezaiokegun hezkidetzari adin eta kolektibo desberdinetan: legeak zer dioen, lehentasunak zein diren, diagnostikoak eta planak egiteko baliabideak, zer gai landu behar ditugun, gai horietan sakontzeko dinamikak eta metodologiak, erabil ditzakegun estrategiak nork parte hartzen duen edo nori zuzenduta dagoen kontuan hartuta...
Hezkidetzan sinesten dugunon helburua gizartearen eraldaketarantz eta hezkuntza feministarantz aurrera egiten jarraitzea da. Esperientzian oinarrituta, badakigu horretarako lanak etengabea eta zeharkakoa izan behar duela. Aipatu berri ditugun jarduera eta dinamika guztiak ongi etorriak dira, baina Mireia Delgadoren zirimiriaren metafora3 gogoratzen, hezkidetza-lana benetan eraginkorra izan dadin, beti, une oro egin behar da,pixkanaka, guztia blai egin arte.
Hezitzaileok gure jarduera garatzen dugunean komeni da kontuan izatea nolako inpaktu edo eragina izaten ari garen lan egiten dugun gazteengan. Baieztapen horrek begi-bistakoa dirudi, baina funtsezkoa da ikuspegi hori ez ahaztea eta gure jardueran eranstea, emaitzak ikusteko, neurtzeko eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko: esaten duguna, antolatzen duguna, prestatzen duguna... zertarako egiten dugu? Zer aldaketa eragitea espero dugu gazteengan? Zer eragiten du jasotzen duten pertsonengan, taldean eta ingurunean? Publikazio honen helburua tresna bat ematea da, nerabezaroan abian jartzen ditugun prozesuek eta esku-hartzeek duten inpaktu hezkidetzailea neurtzeko.